logotipo

img_google
ALBOKAREN ALDE BATZUK / Aurkezpena Bilbon (2004 10 07)

XX.mendean, Gorbeia inguruan, alboka munduaren alde batzuk aztertzea izan da lan honen helburua.

Albokarien biografietatik hasita -5 biografia zabalekin, euren iritziak jasorik albokaren gauza gehienetaz, eta beste 15 biografia laburragoekin-, euren berbak batu ditut jakintsuek, musikologoek eta ikertzaileek idatzi dutenarekin, han hor hemen jasotako berriekin orniduaz.

Alboka mundu ttipiaren ezaugarriak erakutsi, albokari tradizionalen iritziekin eraikita: erromeriak, albokagintza, lanbideak, senidetasunak, joten ikastea, batera jotea, elkarren ezagutza, soinutresnaren tamainua, eroatea, lehiaketak, batzarrak eta agerketak. Albokarietan, honeetxen biografiak datoz: Leon Bilbao, Txilibrin, Eujenio Etxebarria, Otxandio, Sagarna. Eta Inazio Uribarri, Jose Mari Bilbao, Benitxo Iragorri, Amundarain, Jitano Aiesta, Artabe, Goikoetxea, Langara, Lekue, Pontxo Orue. Asko eta asko falta dira: Anbros, Jose Iturbe, Txuskoa, Txisperue, Alejo Etxezarraga, Alejo Gurtubai, Manu Barandika, Bernardino Zautua, Juan Kruz Valle...eta beste hainbat eta hainbat.

Ikerketa arloan, Aranzadi, Azkue eta Jesus Larrea aipatu behar dira 1916 eta 1930 urte bitarteetan. Gero, 1956an García Matosen artikulu garrantzitsua: La alboka vasca. Honuntzago, Mariano Barrenetxearen liburu garrantzitsua dator, albokarentzako hain inportantea izango dena, 1976an, Alboka,entorno folklórico. Azken urteotan, Juan Mari Beltranen lan isila baina sakona musika orokorrean eta albokan aipatu behar da, eta Ibon Koteronen artikulu bi: Alboka eta Digitación y escala de la alboka. Kanpoan, Anthony Bainesek 1960an sakontasun handiko liburua atera zuen: Bagpipes.

Ikerketa, soinutresnari berari dagokionez be egin da, albokari beti gerta zaion bezala. Hiru gauza azpimarratzekoak dira:
· tenperatzea [A4=440Hz] edo beste soinutresnekin jo ahal izateko tonoa ematea
· material berriak sartzea [ezpela edo granadilloa, kainaberazko hodien ordez; eta plastikoa kanaberazko fiten lekuan]
· eskala luzeagoa ematea [alboka sol-sol deritzana, Beltranek sortua], eskala laburra izan baitu albokak

Erromerien mundua XIX.mendetik aldaketa handirik barik helduko zen hogeigarrenera. Albokaz mintzatzen da nagusiki, baina beste ezaugarri eta soinutresna batzuk ere ikutzen dira, protagonistekin batera:
· Kopla zaharrak, edo erromerietan dantzatzerakoan, jotek, porrusaldek eta martxek zituzten zati kantatuak
· Panderoa: erromeri askotako tresna bakarra; Pantxike Larrinaga Maurizia Aldaiturriaga, Erromualda Zuloaga, Gillermo Etxebarria, Balbino Ojanguren; Kainabera: Joseba Uribe, Txetxu Urrutia; Txaramelak: Juan Karlos Roel
· Dultzaina: Patxi Bilbao, Juan Aiesta, Juan Bilbao, Basilio Etxebarria, Frantzisko Otxandio, Simeon eta Benito Iragorri. Txilibitua: Areatzako Alberto Zuluaga.

Aldaketa. Erromerien bilakaera mendean zehar honela ematen da: soinutxikia, eskusoinua, orkestinak, berbena taldeak, rock'n roll-a... Alboka, erromerietatik desagertu egiten da eta dantza taldeei lotzen da (bereziki Txilibrin eta Jitano) eta baita erakusketa saioei be (hemen bereziki, Leon Bilbao eta Eujenio Etxebarria ibili ziran, eta baita Txilibrin be). Geroago, folk taldetara heltzen da alboka eta gero, Ibon Koteronek dakar iraultza.

Laburbiltzeko

1. Giroa. Lehen baserria, taberna eta ermitari lotua egon izan zen. Geroago, albokari gitxi, errepertorio txikia, jende gitxi dantzan, ez zeukan onarpenik. "Albokaren alde, Batzuk" izenburua ere izan zitekeen lan honek. Folk taldeen bitartez datorkio bizi berria, eta honetan, Oskorriko Joserra Fernández eta Azala eta Txanbelako Juan Mari Beltran aipatu behar dira.

Askatasunezko egoera, soinutresna gehiago joten duten musikoek alboka joten hastea, irakaskuntza sare baten sartzea, eta doinu zaharrak jotea eta pieza berrien sormenak arnas berria dakarkio albokari. Nahiz eta oraindik nahiko ezezaguna izan.

2. Doinuak. Erromerietan joten zirenak: Jota / Porrusaldea / Martxea. Errepertorio zaharra mantentzen da gaur -ezagutzen dena, Leon eta Txilibrinena- eta berria sortu. Hemen aipatu behar da diskoen garrantzia, ze horiei esker zaharrak ezagutzeko aukera dago, euren aldaera eta aniztasunarekin. Beste joleen grabaketarik inoiz agertuko balitz, albokari horien errepertorioa zabaldu eta salbatuko litzateke. Horrela, Anbros Gorostiaga Berlinen grabatua dute, 1913an Igorren eginiko grabaketa baten.

Baina, iraganean errepertorioa zabalagoa izango zen, hau da, hortik aparte, beste dantza batzuek, kantatzeko doinuak eta bakartadean jotekoak izango zituzten. Txilibrinen berbak: Beti jota, porrue eta martxea. Orain yo behar dana dok cansiones de euskalherria. Ibon Koteronek dakar berrikuntza nabaria doinu kontuan.

3. Joleak. Aipatu ditut asko. Gehiago ba dira, nik jasotakoak, eta nik jaso gabeak be, asko. Uste baino gehiago izan direla esango nuke, baina presentzia gutxirekin. Estiloak, eskolak, tendentziak egon ete diren? Baietz esango nuke. Batetik, maisu handia, Anbros izan da. Eta gero, beste bi, bakoitzak bere jarraitzaile edo eragina izan dutenekin: Txuskoa eta Txisperue. Joleetan, klasikoak: Etxezarraga, Barberue, Andaluze, Jose Mari Bilbao, Tiburtzio, Amundarain, Iragorri, Pontxo... Azken klasiko biak: Txilibrin eta Leon Bilbao.

4. Kemena. Eutsi izan dio albokak kontrako egoera bati. Dena murriztua izan denean be, segi egin du. Beti egon da alboka munduan ekintzaren bat. Lotura, be bai. Egungo jole berriak, zaharrak ezagutu egin dituzte, eta alkarrekin jo: Txilibrin, Leon Bilbao, Eujenio Etxebarria. XXI.mendera heldu da alboka. Aski ezezaguna da oraindinokarren, baina osasuntsu eta gaztegina da.